XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezpalarten artean, emeen helduaroa 15 urte inguruan heltzen da.

Bost urtez behin dakarte umetxo bat, oso jaiotze tasa eskasa beraz, baina ezpalarten artean hilkortasuneko tasa ere arras bajua da kontutan hartzen badugu emeen batezbesteko bizitza 80 urtetara hel daitekeela (arrena, ostera,60 urtetakoa da).

Orduan orka talde batean lau belaunalditako banakoak biltzen dira era horretan oso talde iraunkorra moldatuz.

Mazopari buruz zer esan?.

Beti kosta inguruan dabil burua ur gainetik lau aldiz minutuko agertuz.

Oso zetazeo xumea da bere neurriei begiratzen badiegu; bi metrotako luzera eta 50 kilogramotako pisua.

Bere elikadurarik preziatuena arrainak, zefalopodoak eta oskoldunak izaten dira.

Arrantzaleek animalia paketsu hau gorrotatzen dute, sareak urratu eta hondatzen dituelako.

Mazopa, zetazeoen artean aspaldidanik, gastronomiaren aldetik, platera berezitzat hartua izan da.

Enrique VIII.aren gortean historiak dioenez, sukaldari bati sari berezi bat eman zioten mazopa errearentzat saltsa berezi bat asmatu zuelako.

Gaur egun ere mazoparen haragia oso preziatua da zenbait tokitan.

Horretarako, haragia pikatu egiten da bolatxoak moldatu arte eta gero espeziekin atondu; adituek diotenez, horrelako albondigak halako ardo berezi batekin lagunduz gero, boccata cardinale duzue mahai gainean.

Eta apaizek gauza hauei buruz asko dakiten lekukoa ondokoa duzue: Dumfermlineko fraide zaharrek (horiek dira gehien dakitenek, noski) Enrique VIII.aren garaiko koroarekin tratua zuten.

Haren ondorioz, koroak urteoro, mazopa sorta bat erregalatu behar zien monastegiko monjeei, hauek erregeari urtean zehar emandako zerbitzuen truke.

Kronikak dioenez, monje haiek, beste sari askoren gainetik, mazopa zuten gauzarik preziatuena.

Beraz, Euskal Herriko kostaldetatik baten bat azaltzen bada eta ehiztatzeko gai baldin bazarete, badakizue nola prestatu neurriz kanpoko jaki berezia.